Select Page

Publikatuta: Gorka Valdueza

Harrobiako  Marketin eta Publizitateko bigarren mailako ikasleek Zorraquino, CrisisCreativa eta Hooper Ink komunikazio agentziak bisitatu zituzten EIDE Basque Design elkarteari esker.

Esperientzia oso aberasgarria izan da, eta bertatik bertara ezagutu ahal izan dute agentzia bakoitzaren lan prozesua, antolaketa, posizionamendua eta eskainitako zerbitzuak.

Lehen geldialdia Zorraquino aholkularitza estrategikoko eta digitaleko agentzia izan zen. Iñaki Lecue, Negozio eta Ikerketa arloko aholkularia, diseinuak arazoak konpontzeko orduan duen garrantziari buruz hizketan aritu zen, eta ikerketak, diseinuak, teknologiak eta marketinak erabiltzailearen esperientzian duten garrantzia azpimarratu zuen.

Bigarrenik, ikasleak CrisisCreativa estudiora joan ziren. Crisitinak eta Gorkak, agentziaren sortzaileek, bi kontzepturen batasunari buruz hitz egin zuten (Krisi + Sortzailea), eta nola bat egitean esanahi berria hartzen duten. Gorkak, halaber, LEAN metodologiak erabiliz agentziako lan-prozesu guztiak nola kudeatzen dituzten azaldu zien ikasleei.

Azken geldialdia Hooper Ink diseinu- eta publizitate-agentzia izan zen. Arretxabaleta anaiak diziplina anitzeko sortzaileak dira eta beren lana beren bizimodua bihurtu dute. Sormenaz eta inspirazioaz hitz egin zuten, eta ikasleei ideiak ikuspegi desberdinetatik emateko argibideak eman zizkieten.