Christian Chamba naiz, Marketina eta Publizitatea goi-mailako zikloko bigarren urteko ikaslea. Momentu hauetan, Bilboko San Frantzisko auzoan aurkitzen den Harrobia Ikastola izeneko prestakuntza-zentro honetan praktikak egiten ari naiz. Jarraian, praktikaldian zehar egin behar izan ditudan eginkizun desberdinak eta hauei buruzko balorazio pertsonala partekatuko ditut. Baina, laburbilduz, praktikaldian zehar lantzen ari naizena itzulpenak dira.
Hasteko, nire eginkizunetan sakonduko naiz. Batetik, honako hau irakurtzen ari zaren Marketina eta Publizitatea goi-mailako zikloaren blogako berri ia guztiak (nire ikaskideen praktikei buruzkoak izan ezik) euskaratik gaztelaniara itzuli behar izan ditut. Horretarako, Itzuli (itzultzaile neuronala) eta Elhuyar Hiztegia erabili izan ditut, oso lagungarriak izan direnak. Bestalde, Google Dokumentuak erabili ditut eta Zuriñe Alvarezek (Harrobia Ikastolako irakaslea eta, aldi berean, nire praktiketako arduraduna) sortutako “BLOGA” izeneko Drive karpeta batean bildu ditut. Lan honetarako, albiste berrienetatik hasi naiz eta zaharrenekoekin amaitu dut. Zuriñek horixe egiteko esan zidan lehen egunean. Hori ez ezik, artikulu hauetako askori hobekuntza ezberdinak ere egin dizkiot; adibidez: ortografikoak, gramatikalak edo baita hitz-gakoak letra lodiz idatzi ere.
Hona hemen adibide bat:
Beste aldetik, Egokitzapen Fisikoa goi-mailako zikloaren 4 PDF desberdin ere bihurtu behar izan ditut. Baina, kasu honetan, hauek gaztelaniatik euskaratzea egokitu zait. Honako hau aurrera eramateko, testuak itzultzeko tresna berberak ere kontuan hartu ditut. PDFak Google Dokumentuetan bihurtu behar izan ditut eta, hauek, Nerea Varelak (Harrobia Ikastolako irakaslea) partekatu zidan “0. CHRISTIAN” izeneko Drive karpeta batean bildu ditut.
Hona hemen adibide bat:
Amaitzeko, nire praktikaldiari buruzko balorazio pertsonala egin nahi nuke. Praktikak azken bi ikasturteetan ikasten ari naizen leku berean egiten ari naizenez, nahiko eroso sentitzen naiz. Hain zuzen ere, lehen ikasturtean egon nintzen gelan eta, gainera, ia eserleku berdinean ere. Beraz, giroa denbora guzti honetan izan dudan oso antzekoa da. Azken finean, Harrobia Ikastolako beste zenbait ikasleekin nago. Bestalde, Zuriñek nire espazioa ematen dit eta, horrek, gauzak lasaitasunez eramatea laguntzen dit. Dena den, laguntzaren bat behar badut, harengana joan besterik ez dut egin behar eta beti prest egongo da. Azkenik, horrela lan egin ahal izatea eskertzea gustatuko litzaidake, nire izaerarekin asko identifikatzen dela uste dut eta.