Praktikak B2B marketin digital agentzian: Nire esperientzia Biwott-en

Gaizka Martinez naiz, Harrobia Ikastolako Marketin eta Publizitate zikloko ikaslea, eta nire praktikaldia Biwott agentzian, Basaurin, egiten ari naiz, marketin digital B2B eta LinkedIn estrategietan espezializatutako enpresan.

Hasieratik, marketin digitalaren hainbat arlotan murgiltzeko aukera izan dut. Alde batetik, analitika eta publizitate digitala landu ditut. Google Ads eta Google Analytics bezalako tresnekin lan egin dut, kanpainen errendimendua aztertuz eta optimizazio aukerak identifikatuz. Esaterako, bezero baten datuak aztertzean ikusi genuen trafiko gehiena ordenagailutik zetorrela, baina mugikorreko esperientziak konbertsio-tasan eragina zuela. Analisi horri esker, gako-hitz negatiboak gehitu genituen aurrekontua trafiko kualifikatuagora bideratzeko eta Landing Page-en egitura zein CTA-ak optimizatzeko proposamenak egin genituen.

Baina nire lan nagusia eduki estrategikoen sorkuntzan eta kudeaketan oinarritu da. Bezeroentzat artikuluak idatzi ditut eta ondoren eduki horiek sustatu ditut LinkedIn-eko argitalpenen eta email marketin estrategien bidez. Arlo honetan, WordPress bidezko edukien kudeaketaz, SEO kontzeptuez eta domeinuen funtzionamenduari zein DNS konfigurazioari buruz asko ikasi dut. Era berean, Google My Business-erako postak sortuz bezeroen presentzia digitala indartu dut.

Praktikaldian zehar erronka tekniko interesgarriei ere aurre egin behar izan diet. Adibidez, bezero baten webgunea SiteGround-era migratzen ari zirela, WordPress-era irudiak zuzenean igotzea eragozten zuen errore bat agertu zen. Arazo hau konpontzeko, irtenbide sortzaile eta manual bat erabili behar izan nuen: irudiak banan-banan zerbitzarira igo eta ondoren kode bidez lotu. Horrek arazoen aurrean moldatzeko eta ebazpen gaitasuna garatzeko aukera eman dit.

Dena den, proiekturik interesgarriena eta gehien gozatu dudana email marketin kanpainak diseinatzea izan da. Mezuen diseinu-prozesua eta hartzaile bakoitza berezia sentitzeko pertsonalizazio maila lantzea oso aberasgarria izan da niretzat.

Praktika hauek oso baliotsuak izan dira niretzat, teoria eta errealitate profesionalaren arteko aldea ulertzeko. Lantalde profesional batekin arituz, B2B ingurunean sormena, xehetasunak eta datuetan oinarritutako erabakiak nola uztartzen diren ikusi dut. Esperientzia honek argi utzi dit nire ibilbidea komunikazio estrategian eta eduki digitalen sorkuntzan sakontzen jarraitu nahi dudala, eta horregatik, nire hurrengo urratsa Harrobian eduki digitaleko espezializazioa egitea izango da.

Linkedin B2B

Praktikak Eñutt-en

Praktikak Eñutt-en

 

Eñutt komunikazio agentziako bulegotik ikus daitezkeen Erandioko bistak

Ander Romero Garcia naiz, Marketin eta Publizitateko zikloko ikaslea, eta praktikak egiten ari naiz Eñutt komunikazio agentzian, Erandion.

Nire esperientzia Eñutten

Eñutten egindako praktiketan asko ikasi dut, bai marketinaren arloan, bai agentzia baten eguneroko funtzionamenduan. Esperientzia honetatik gehien gustatu zaidana eta gehien nabarmenduko nukeena Eñutten lan-taldea izan da. Talde txikia izan arren, 5 pertsonakoa, 6 CEOa kontuan hartuta, oso talde profesionala eta prestatua dela iruditu zait. Asko gustatu zait haiekin lan egitea, bakoitzak bere arloan oso ona delako lan. Nire ustez, Eñuttek agentzia handiagoen maila berean lan egiten du.

Praktiketan ikasitakoa

Nire ikaskuntzari dagokionez, aukera izan dut marketineko tresna eta prozesu errealak ezagutzeko. Adibidez, Clientify bezalako CRM bat erabiltzeko aukera izan dut, eta oso tresna interesgarria iruditu zait bezeroak, kontaktuak eta aukera komertzialak antolatzeko. Gainera, agentziaren kolaboratzaileetako bat izanik, gertutik ikusi ahal izan dut nola erabiltzen den horrelako plataforma bat lan profesional batean.

Praktiketan egindako eginkizunen artean, datu-baseak lantzea, kontaktuak antolatzea, komunikazio-kanalak aztertzea, edukiak prestatzea eta kanpaina baten planteamendua ulertzea egon dira. Horrek guztiak lagundu dit ikasgelan landutakoa egoera errealetan aplikatzen. Harrobiari dagokionez, egia esan, oso balorazio ona egiten dut, klasean ikasitako gauza asko bezero eta proiektu errealekin lotzeko aukera izan dudalako.

Batzuetan, ikasgelan egiten diren ariketetan pixka bat desanimagarria izan daiteke jakitea lan hori ez dela benetako bezero batengana iritsiko. Horregatik, Eñutten lan egitea oso esperientzia aberasgarria izan da niretzat, hemen egindakoak testuinguru erreal bat duelako eta taldeari laguntzeko balio duelako.

Bestalde, Iñaki, Eñutten CEOa, ideia askoko pertsona dela iruditu zait. Nik bezalakoa, eta alde horretatik oso interesgarria egin zait haren lan egiteko modua ikustea. Eñutteri ezin zaio alde sortzailea kendu: agentzia sortzailea da, eta hori proiektuetan, planteamenduetan eta lan egiteko moduan nabaritzen da.

Gainera, Eñuttek dituen proiektuak eta kolaboratzaileak oso interesgarriak iruditu zaizkit. Agentzia txikia izan arren, egiten duten lanaizugarria da.

Azkenik, aipamen berezia egin nahi diot nire instruktoreari, Davidi. Praktikaldian zehar asko irakatsi dit, eta oso lagungarria izan da niretzat. Eskertzekoa izan da nire zalantzak argitzea, lana azaltzea eta prozesuetan gidatzea.

Balorazioa

Laburbilduz, Eñutten egindako praktikak oso esperientzia positiboa izan dira. Asko ikasi dut, oso talde on batekin lan egiteko aukera izan dut, eta marketinaren mundua modu errealago batean ezagutzeko balio izan dit. Espero dut Eñutteko talde osoari oso ondo joatea etorkizunean.

Orain, agentziako bistak utziko dizkizuet. Agian ez daude zuzenean praktikekin lotuta, baina aipamena merezi dute.

Eñutt agentziaren inguruko Erandioko itsasadarreko bistak

 

Praktikak Frikitek Marketin Digital Agentzian

Praktikak Frikitek Marketin Digital Agentzian

Praktikaldiaren hausnarketa pertsonala

Kaixo, Peio Rivas naiz eta Harrobia Ikastola Marketing eta Publizitateko ikaslea naiz eta bigarren kurtsoko praktikei buruzko hausnarketa pertsonala egingo gut.

Ikasitakoa

Frikitek enpresan egindako praktikaldian, marketin digital agentzia baten funtzionamenduari buruzko funtsezko alderdiak ikasi ditut, bere egitura eta taldea barne. Next Generation funtsekin lotutako diru-laguntzen eta subentzio prozesu osoa nola funtzionatzen duen ere ikasi dut.
Egindako salmenta digital memoria guztiei esker, web diseinuan, erabilgarritasunean, analisi teknikoan, bilatzaileetako ikusgarritasunean, sare sozialetako jardueran, ikusgarritasun digitalean eta e-commerce plataformak eta webguneak behar bezala aztertzen jakitean nire ezagutzak handitu ahal izan ditut.

Bidean topatutako erronkak

Praktikaldian erronka eta arazo ugari aurkitu ditut, baina Frikitek-eko taldeari esker horiek konpontzea lortu dut. Lan taldeak emandako laguntza funtsezko izan da erronka hauei aurre egiteko eta arazo bakoitzean ikasteko.

Proiektu/jarduera interesgarriak

Niretzat interesgarriena, ezaugarri eta fakturazioa maila honetako enpresa batek nola funtzionatzen duen jakitea izan da, barne funtzionamenduari eta taldearen komunikazioari dagokionez.

Zikloa eta praktikak bukatu eta gero marketin eta publizitateko arlorik gustukoena

Zikloari eta praktikei dagokienez, interesgarriena izan dena, da eta izango da zalantzarik gabe Facebook Ads plataforman kanpainak nola egin eta ezagutzen ez zaituzten pertsonak bezero potentzial bihurtzen jakitea. Egia esan, zentzu horretan, Facebook Ads bezalako tresna sinple eta konplexu batekin egin daitekeenaz harrituta jarraitzen dut.
Nire esperientzia Bilbo Zaharreko eta Zabala auzoko merkatarien elkartean

Nire esperientzia Bilbo Zaharreko eta Zabala auzoko merkatarien elkartean

Praktikaldian, Bilbo Zaharreko eta Zabala auzoko merkatarien elkartearekin aritu naiz elkarlanean, komunikazioan, kudeaketa digitalean eta ekitaldien antolaketan lagunduz.

Taberna eta saltokiekin harremanetan jarri naiz WhatsApp bidez, argazkiak atera eta sare sozialetarako edukiak prestatzeko lanetan aritu naiz. San Frantziskoko Pintxo Ibilbidea antolatzen ere parte hartu dut, eta WordPress bidez webgunea eguneratzen lagundu nuen, establezimendu berriak gehituz eta bakoitzaren geokokapena sartuz, Excel-en bidez kudeatutako datuekin.

Era berean, SanFran Motor eta Pintxo Nazarenoaren Ibilbidea bezalako ekitaldietan parte hartu dut, auzoa dinamizatzeko kulturaren eta ostalaritzaren garrantziaz jabetuz.

Esperientzia oso aberasgarria izan da, non komunikazio trebetasunak garatu, tresna digitalekin trebatu eta kalean benetako proiektuetan lan egin dudan.

Praktiken inguruko hausnarketa Kamangan

Praktiken inguruko hausnarketa Kamangan

Kamanga Influencers Club elkartean egindako praktiketan, ingurune sortzaile, anitz eta gizarte-konpromisoa duen batean lan egiteko aukera izan dut. Eduki digitalaren ekoizpenean, sare sozialen kudeaketan (Instagram, TikTok eta YouTube) eta komunikazio-kanpaina digital zein presentzialetan parte hartu dut.

Ikasketa nagusietako bat izan da erritmo bizkor batera egokitzea, kultura, teknologia eta eraldaketa soziala uztartzen dituen proiektu batean. Hasieran antolatzeko zailtasunak izan nituen, baina Gmail, Trello edo Meet bezalako tresnei eta taldearen laguntzari esker aurrera egin ahal izan nuen.

Gehien aberastu nauena izan da nire ekarpenak baloratuak izatea eta ikustea komunikazioak benetako eragina izan dezakeela. K-360 bezalako kanpainetan eta kale-mailako ekintzetan parte hartzeak nire garapen profesionala eta pertsonala bultzatu du.

Esperientzia honen ondoren, argi daukat ikasten jarraitu nahi dudala, eta marketin digitalaren eta helburu soziala duen eduki-sorkuntzaren munduan hazten jarraitu.

Pribatutasunaren laburpena
Marketina

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu ahalik eta erabiltzaile-esperientziarik onena eskaini ahal izateko. Cookieei buruzko informazioa zure nabigatzailean gordetzen da, eta gure webgunera itzultzen zarenean zeure burua ezagutzeko edo gure ekipoari webguneko zein atal aurkitzen dituzun interesgarrienak eta erabilgarrienak ulertzen laguntzeko funtzioak betetzen ditu.

Behar-beharrezkoak diren cookieak

Behar-beharrezkoak diren cookieak beti aktibatu behar dira, zure cookie-doikuntzen lehentasunak gorde ahal izateko.

Hirugarrenen cookieak

Webgune honek Google Analytics erabiltzen du informazio anonimoa biltzeko, hala nola, webguneko bisitari kopurua, edo orrialde ezagunenak.

Cookie aktibo hau uzteak gure webgunea hobetzeko aukera ematen digu.