Bihotz Ibarzabal Zabala naiz, Marketin eta Publizitateko Goi Mailako Lanbide Heziketako ikaslea eta gaur egun IMH Campusen nago (Elgoibar) nire formakuntza duala burutzen.

Urtebeteko egonaldi honetan, nire eginkizunak asko izan dira: sare sozialak kudeatu, bideoak grabatu/editatu, kartelak/katalogoak/rollup-ak eta hainbat soporte fisikoen diseinuak egin, instalakuntza aldetik dekorazio hobekuntzak proposatu eta burutu, ekitaldien antolaketan eta egunean bertan egin beharrekok egin, azoketara joan, webguneko hainbat aldaketa proposatu eta egin, albisteak idatzi/publikatu…

Lanaldi honen bukaera iristear dagoela atzera begiratzen dut, nire bilakaeran pentsatuz; lehen egunetako urduritasunak eta lotsak, hanka-sartzeak… Guzti hauek berriz errepikatuko nituzke gaur egun naizena izaten mantentzeko. Izan ere, kontzienteak izan behar gara momentu honetan ikasten ari garela, eta ikaskuntza prozesu baten barruan gaudela. 

Hasiera-hasieratik, hau da, zikloa hasi baino aurretik, argi izan nuen formatu duala egin nahi nuela. Zergatik? Nire burua lan mundura sartzeko. Sorkuntza eta Diseinuko gradua bukatu ostean EHUn, nire bidea marketinetik eta komunikaziotik bideratu behar nuela erabaki nuen, diseinu eta sorkuntzako ezagutzak aprobetxatuz.

Dualari esker, nire ikasketak, lanaldiarekin nolabait batera eramaten ikasi dut. Nahiz eta denbora aldetik batzutan zaila izan, klasean ikasitakoa lanean praktikan jartzea ahalbideratzen dizu. Benetan enpresak behar duen hori eskainiz eta norbere produktibitate sentsazioa areagotuz.

Ziklo honi esker, lan mundurako prestatu naiz. Ezagutza teorikoez gain, enpresetan egiten diren jarduerak klasean errepikatuz; erronken bidez (ETHAZI metodologia). Hala nola, ikasketak bukatzerakoan nire buruarenganako eta lan munduan sartzeko segurtasuna irabaziz.

Esperientzia osotasunean laburtu beharko banuke… Benetan pasioz ikasi nahi nuen hori, euskaraz ikasteko eta euskaraz lan egiteko aukera izan dut. Erronkaz betetako ibilbide honetan, nire burua enpresa baten barruan ikusteko denbora eman dit urtebetez formakuntza dualean. Izan ere, Harrobian malgutasunak izan ditut ordutegi aldetik gauza biak elkarrekin kordinatzeko eta denboraz ongi joateko. 

Beraz, argi eta garbi gomendatuko nuke Lanbide Heziketako zentru hau, marketina eta publizitatea euskaraz ikasi nahi duen horri edo ni bezala, lan mundura sartu nahi duenari.