Aiaraldea Komunikazio Kooperatiban egin ditudan praktikek aukera paregabea eskaini didate komunikazioaren eta publizitatearen alor ezberdinak barrutik ezagutzeko. Aiaraldea ez da soilik eskualdeko euskara hutsezko komunikabide erreferentea: Komunika izeneko zerbitzuaren bidez, agentzia lanak ere egiten dituzte, eta horrek lan-esperientzia anitz eta osatua bizitzeko aukera eman dit.
Eguneroko lanean publizitate digitaleko txostenak prestatzea, Instagram kontuen azterketa eta hobekuntza-proposamenak egitea, eta SEO auditoriak garatzea bezalako zereginetan aritu naiz. Horrez gain, publizitate kanpainen emaitzak interpretatzen eta bezeroei aurkezteko modua lantzen ikasi dut, tresna profesionalak erabiliz: Google Analytics, Meta Ads eta Photoshop, besteak beste.
Formatu fisikoan ere parte hartu dut: Orozko Gaur eta Arkide aldizkarien publizitate itxieretan iragarkien tamaina eta bistaratze egokia egiaztatu dugu, eta Otxomaio jai egitarauaren iragarkien kokapena eta ikusgarritasuna baloratu dugu. Bestalde, Mailchimp bidezko bidalketetan trebatzen joan naiz, bai aldizkari digitalak publizitate bezeroei helarazteko, bai EHko agentziei 2025eko eskaintza aurkezteko.
Aipatzekoa da baita Faktoria gazte proiektuaren hasierako bileran parte hartu izana, non gazteak komunikazio proiektura nola erakarri aztertu genuen ikuspegi sozial batetik.
Laburbilduz, praktikaldian zehar komunikazioaren arlo tekniko, estrategiko eta sozialak landu ditut. Etorkizunari begira, sare sozialen kudeaketa, publizitate digitala eta sormen proiektuak dira gehien erakartzen nautenak, eta esperientzia honek estudio bezalako nire proiektu pertsonala sendotzeko eta bideratzeko motibazioa eman dit.