Ni Izaro naiz, marketina eta publizitatea zikloko ikaslea, eta praktikak EIDE enpresan egiten ari naiz Bilbon. Nire eginkizunak, besteak beste, diseinu-prozesuaren laguntzan parte hartzea, ideien garapenean laguntzea, material grafikoen prestaketan jardutea eta kanpaina ezberdinen ekoizpen eta jarraipenean kolaboratzea izan dira. Horrez gain, webgunearen kudeaketan, sare sozialen edukien eguneratzean eta Mailchimp bidezko komunikazio eta bidalketen prestaketan ere aritu naiz.
Praktika hauek oso esperientzia positiboa izan dira niretzat. Hasieratik aukera izan dut benetako lan-ingurune batean parte hartzeko eta diseinuaren mundua modu praktikoan ezagutzeko. Teorian ikasitakoa errealitate profesionalera nola eramaten den ikusi ahal izan dut, eta horrek asko lagundu dit nire prestakuntza sendotzen.
EIDEko lan-giroa oso aberasgarria izan da, eta taldearen laguntzari esker, pixkanaka nire ardura maila handitzen joan naiz. Gainera, proiektu ezberdinetan parte hartzeak sormen-prozesua eta erabakiak hartzeko modua hobeto ulertzeko aukera eman dit.
Oro har, praktikek nire ikaskuntza-prozesuan aurrerapauso handia suposatu dute, eta etorkizunean diseinuaren arloan jarraitzeko motibazioa indartu didate.