Gaizka Martinez naiz, Harrobia Ikastolako Marketin eta Publizitate zikloko ikaslea, eta nire praktikaldia Biwott agentzian, Basaurin, egiten ari naiz, marketin digital B2B eta LinkedIn estrategietan espezializatutako enpresan.
Hasieratik, marketin digitalaren hainbat arlotan murgiltzeko aukera izan dut. Alde batetik, analitika eta publizitate digitala landu ditut. Google Ads eta Google Analytics bezalako tresnekin lan egin dut, kanpainen errendimendua aztertuz eta optimizazio aukerak identifikatuz. Esaterako, bezero baten datuak aztertzean ikusi genuen trafiko gehiena ordenagailutik zetorrela, baina mugikorreko esperientziak konbertsio-tasan eragina zuela. Analisi horri esker, gako-hitz negatiboak gehitu genituen aurrekontua trafiko kualifikatuagora bideratzeko eta Landing Page-en egitura zein CTA-ak optimizatzeko proposamenak egin genituen.
Baina nire lan nagusia eduki estrategikoen sorkuntzan eta kudeaketan oinarritu da. Bezeroentzat artikuluak idatzi ditut eta ondoren eduki horiek sustatu ditut LinkedIn-eko argitalpenen eta email marketin estrategien bidez. Arlo honetan, WordPress bidezko edukien kudeaketaz, SEO kontzeptuez eta domeinuen funtzionamenduari zein DNS konfigurazioari buruz asko ikasi dut. Era berean, Google My Business-erako postak sortuz bezeroen presentzia digitala indartu dut.
Praktikaldian zehar erronka tekniko interesgarriei ere aurre egin behar izan diet. Adibidez, bezero baten webgunea SiteGround-era migratzen ari zirela, WordPress-era irudiak zuzenean igotzea eragozten zuen errore bat agertu zen. Arazo hau konpontzeko, irtenbide sortzaile eta manual bat erabili behar izan nuen: irudiak banan-banan zerbitzarira igo eta ondoren kode bidez lotu. Horrek arazoen aurrean moldatzeko eta ebazpen gaitasuna garatzeko aukera eman dit.
Dena den, proiekturik interesgarriena eta gehien gozatu dudana email marketin kanpainak diseinatzea izan da. Mezuen diseinu-prozesua eta hartzaile bakoitza berezia sentitzeko pertsonalizazio maila lantzea oso aberasgarria izan da niretzat.
Praktika hauek oso baliotsuak izan dira niretzat, teoria eta errealitate profesionalaren arteko aldea ulertzeko. Lantalde profesional batekin arituz, B2B ingurunean sormena, xehetasunak eta datuetan oinarritutako erabakiak nola uztartzen diren ikusi dut. Esperientzia honek argi utzi dit nire ibilbidea komunikazio estrategian eta eduki digitalen sorkuntzan sakontzen jarraitu nahi dudala, eta horregatik, nire hurrengo urratsa Harrobian eduki digitaleko espezializazioa egitea izango da.
