Iker Sagarduy naiz, Harrobia Ikastolako Marketin eta Publizitate zikloko ikaslea eta praktikak egiten ari naiz Eñutt Komunikazio agentzian (Astrabuduan).
Hasieratik, hainbat arlo jorratzeko aukera izan dut, hala nola marketin digitala, web orrien garapena eta komunikazio estrategikoa. Praktikaldian zehar, Clientify eta Google Ads bezalako tresnak erabiltzen ikasi ditut eta horien inguruko ziurtagiriak lortu ditut. Hori guztia lagungarria izan zait tresna horien funtzionamendua hobeto ulertzeko eta gainera, ziurtagiri horiek nire LinkedIn profilean gehitzeko aukera izan dut. Aldi berean, bezero errealei zuzendutako kanpainak prestatzen eta garatzen parte hartu dut, bai online (Meta Ads eta Google Ads) kanpaina errealak sortzen eta kudeatzen eta bai presentzialki (Publibicis zerbitzuaren erabilera eta flyer banaketak eginez).
Web orrien garapena eta eguneraketa izan da nire eguneroko lan bat, batez ere Prueba un Eléctrico proiektuan, ibilgailu elektrikoen eskaintza digitalki aurkezteko lanean. Sare sozialetarako edukiak sortzen eta programatzen aritu naiz ere eta webgunearen SEO optimizazioa ere landu dut.
Praktika hauek esperientzia oso baliotsua izan dira niretzat, lan mundu erreala gertutik ezagutzeko aukera paregabea eman didatelako. Lantalde profesional baten barruan aritzea aberasgarria izan da eta komunikazioaren eta marketin digitalaren arloetan trebetasun berriak eskuratzeko aukera eman dit.