Egun on, Aitor Barrero da nire izena eta Harrobia Ikastolan Marketing eta Publizitatea ikasten ari naiz. Otsailaren 17an praktikak hasi nituen segurtasun enpresa batean, Abra Seguridad izena duena eta bertan izan dudan esperientzia kontatuko dizuet.

Enpresa hau Getxon kokatzen da eta bertako zonaldearen segurtasun arduradun nagusienetarikoa da. Abra Seguridad-en helburua, haien bezeroen segurtasuna bermatzea da, horregatik, Getxoko etxe-bizitza, enpresa eta negozio askorentzat lan egiten du, baita bertako Udaletxearentzat, eta beste hainbat Udaletxeen segurtasuna haien esku ere aurkitzen da. Instalazio ugari egin dituzte enpresa eta eraikin famatuetan, Bizkaia Arena-n, Osakidetzako ospitaleetan, San Mames-en, Tecnalia-n eta abar.

Abra Seguridad enpresa txiki bat da, hamar langile inguru dituena eta hauek egiten dutena da segurtasun instalazioak eta mantentze lanak, mota guztietako segurtasuna eskainiz; bideo zaintza, suteen aurka, sarbide kontrolak… Eta nire lana da haien irudi korporatiboa eguneratzea eta enpresaren ezagutza zabaltzea, bezero berriak sortzeko asmoarekin.

Horretarako, webgunean aldaketak egin ditut,  sare sozialak behar bezala jarri eta aktibitatea eman, komunikazio plan bat sortu lehiakideengan zer den ezberdintzen gaituena jakiteko eta aprobetxatzeko, kanpo publizitatea egiteko kanpaina bat sortzen hasi… hau guztia egoera kaxkar honetan egon baino lehen. Momentuan, gai hauetan aurreratzen nabil baina lan erritmoa ez da berdina, ez daukadalako eskuragarri eskaintzen zidaten laguntza eta konpontzen zizkidaten zalantzak.

Enpresa honetan oso gustura nabil lanean, gauza asko ikasi ditut eta espero dut ikasten jarraitzea. Eskerrak eman nahi dizkiot Harrobia Ikastolari aukera hau emateagatik eta Abra Seguridad enpresari nigan konfiantza jartzeagatik.